Ikastetxean lantzen dugun irakur-idazketa prozesua eta beste zenbait lan eta berri interesgarri ezagutarazteko tresna.
Blog que aglutina diversas noticias y aspectos relacionados con la lectoescritura y demás aprendizajes, tal y como los trabajamos en nuestro centro.

2020/03/23

LIUR AZERIA

Gaua zen. Ilargi zuriak eta borobilak bazter guztiak argitzen zituen. Baita Marixaren baserria ere. 
Paisaia ederra ikusten zen handik: zuhaitz zahar bat, baserriaren azpi aldeko larrea, larre ondoko basoa, eta, urrutira, mendi lerro dotorea.
Gaua zen eta gau horretan baserriko animaliak lo zeuden:
Behiak, ukuiluan, elkarren ondoan;ardiak, hausnarrean, bertan goxo; oiloak, kotan, oilategiko makiletan igota; zaldiak, lau hanketan zutik, baso inguruan; txerriak, lasto gainean etzanda, bero-bero; eta Marixa… Marixa bere ohean, zurrungaka!
Baina animalia bat adi-adi zegoen baserriaren azpi aldeko larre ondoko basoan, begiak zabal-zabalik, kliska bat bera ere egin gabe: Liur azeria.      
Liurrek ondo ezagutzen zituen Marixaren oilo ederrak, orduak ematen baitzituen haiei begira. Eta gau hartan basotik ateratzea erabaki zuen. Zeharkatu zuen larrea, begiratu zion baserri ondoko kupelaren gainean zegoen oiloari, luzatu zituen hatzaparrak eta ZASSSTTT!! harrapatu zuen. Heldu zion ondo-ondo oiloari, itzuli zen basora ziztu bizian, eta bere azeri zuloan  ezkutatu zen.
Hurrengo goizean, gosaldu ostean, baserriko lanak egin zituen Marixak, egunero bezala: zaldiei belarra eman, ardiak larrera atera, behiak jetzi, txerrien korta txukundu, baratza jorratu…
Baina oiloei artoa ematera joan zenean, lurrean lau luma aurkitu zituen.
- Hara! Oilo lumak! Ea denak dauden… bat, bi, hiru, lau… lau… lau Ai ene!
- Oilo bat desagertu da!  Ez, ez! Desagertu ez! Lapurtu egin didate!
Joan zen lastategira, hartu zuen lasto fardel bat, eta baserri ingurura ekarri zuen.Gero beste fardel bat ekarri zuen, eta gero beste bat, baserri guztia inguratu zuen arte.
- Azeri madarikatu hori ez da berriro hona sartuko! Ez horixe!
Baina Liur oso azeri trebea zen, eta gaua iritsi zenean, berriz ere atera zen basotik, zeharkatu zuen baserri azpiko larrea, gainditu zuen  lasto hesia salto batez eta... bi oilo aurkitu zituen elkarren ondoan lo. Luzatu zituen hatzaparrak eta… ZASSSTTT!!, hartu bi oiloak, itzuli basora eta bere gordelekuan sartu zituen.
Hurrengo goizean, esnatu zenean, beste lanak egin aurretik, oiloak ikustera joan zen Marixa. Oilategira sartu eta lumadunak zenbatzen hasi zen: Bat, bi... bi? Baina, baina, zer da hau! Bi besterik ez!
Haserre bizian, egurtegira joan eta egurrezko hesi bat egiten hasi zen. Moztu zituen enborrak, ZIRRI ZARRA, ZIRRI ZARRA! Zorroztu  zien punta, eta lurrean sartzen  aritu zen DANBA-DANBA, baserri guztia inguratu zuen arte.
- Azeri madarikatu horrek ez du berriro lortuko! Zer uste du horrek! Je, je!!
Hurrengo goizean, eguzkia atera zenean, salto batez ohetik altxa eta oiloak ikustera joan zen berehala Marixa. Atea zabaldu   eta…
- Ea ba!... Hemen dago bat. Bigarrena… eta bigarrena? Beste oilo bat eraman dit azeri madarikatu horrek! Hara! Harrapatzen badut, txiki txiki egingo dut!
Hesia ondo aztertu eta Liurrek egindako zuloa ikusi zuen Marixak. Orduan, berriro ekin zion lanari; inguruan aurkitu zituen harririk handienak hartu eta sendo-sendo jarri zuen hesia. Gero, zulo txikiak buztinez estali zituen.
Gaua iritsi zenean, atera zen azeria berriro ere basotik eta, larrea zeharkatu ondoren, hesi inguruan zelatan jarri zen, kuxkuxeatzen.
Liur, azeri azkarra eta trebea izateaz gain, nahiko burugogorra ere bazen, eta gau osoa eman zuen baserri inguruan bueltaka, baina behin eta berriz saiatuta ere, ez zuen aurkitu oilategian sartzeko zirrikiturik, eta bosgarren oiloa eraman gabe itzuli behar izan zuen bere gordelekura.
Hurrengo goizean, oilategira joan zenean eta bere oiloa hantxe lasai lasai aztarrika ikusi zuenean, sekulako poza hartu zuen Marixak:
- Lortu dut! Lortu dut! Azeri gaizto horrek ez du lortu sartzerik!
Baina oilategitik atera zenean zer edo zer arraroa nabaritu zuen Marixak:
- Ai, hau da hau! Hesi sendoa bai, hor dago!  Azeri gaizto hori ez da berriro sartu, baina non dago orain nire paisaia ederra? Non etxe aurreko zuhaitz zaharra? Non dago baserri azpiko larrea? Non daude basoa eta mendi lerroak? Ai, hau pena! Neuk egindako hesi  sendoa besterik ez dut ikusten!
Marixa Liurrekin oso-oso haserre zegoen, baina aldi berean oso triste inguruko larreak, basoak, zuhaitzak eta  mendilerroak ezin ikusita.
- Horrela ez dago jarraitzerik! Badakit zer egin! Liurrekin hitz egin behar dut!
Hesia zeharkatu eta, aztarnei jarraituz, Liurren gordelekuraino iritsi zen.
- Atera zaitez zulo zikin horretatik!
Liur beldurtuta atera zen gordelekutik.
- Zer demontre zabiltza nire oiloak jaten? Zuk ez daukazu lotsarik, ezta!
- Baina, baina... nik zure oiloak jan? Nik ez ditut oiloak jaten. Nik zure oiloak asko maite ditut. Baina  hemen bakar-bakarrik nago, eta zuek, baserrian, lagun asko zarete, eta...
- Nola? Zer diozu? Lagunak nahi dituzula, hori besterik ez? Jolasteko lagunak?
Une horretan, Liurren azeri zulotik lau oiloak atera ziren poz-pozik. Marixak, oiloak sano zeudela ikusita, azeriari begiratu eta esan zion:
- Horrela bada, etor zaitez gurekin baserrira!
Hurbildu zen Marixa azeriarengana eta lau kolpetxo eman zizkion buruan, maitekiro.Eta denak abiatu ziren baserrira elkarrekin, alai eta kontentu: Liur, Marixa eta lau oiloak. Harrez geroztik, azeri azkar, trebe eta burugogorra egunero hurbiltzen da Marixaren baserrira, gainerako animaliekin jolastera.
Marixak hesia bota egin zuen, eta, egurra eta lastoa larre erdian pilatuta, meta handi bat egin zuen. Uda iritsi zenean, izugarrizko sua piztu eta animalia guztiak han inguruan ibili ziren korrika eta saltoka.
 Eta hala bazan, ez bazan
sar dadila kalabazan
eta atera dadila
Marixaren baratzan!!

2020/03/20

MATTINEN BELDUR KUTXA


BELDURRA, EZ DA ATSEGINA EZTA? ZEINEK EZ DAUKA BELDURRA? EDOZER GAUZAREN BELDUR IZAN GAITEZKE. HONA HEMEN, BELDURREAN OINARRITUTAKO ISTORIOTXOA.






DEBAKO KONTALARIAK

2020/03/19

IZARRAK GERTURATZEN


Behin etxe pareko muinoari begiratu nion behetik gora eta pausoak bata bestearen segidan jarrita bideari ekin nion zuhaitz artean gora. Bidea erraza zen hasieran baina izerdi tantak sudurrean behera amiltzen hasi ziren gero eta nire buruari galdetu nion zergatik igo mendi bat? Baina ez nuen asmatu erantzunik hitzez josten.
Bazen alboko herrian mendi altuago bat. Malkarragoa zen igotzeko, arriskutsuagoa ere bai baina pausuak hara bideratu zitzaizkidan. Izerdi tantak sudurrean behera, eta hankek harri artean laprast eta prakak lokaztuta eta belaunak ubelduta nire buruari galdegin nion zertarako igo mendi bat? Ez zitzaidan ordea erantzunik otu.
Mendi altuagoetara joateko irrika sortu zitzaidan orduan. Ez nekien ondo zergatik, baina libre utzi nien zangoei. Izerdi tantak sudurrean behera, hankek harrietan laprast, eta eskuetako atzamarrak ere urratu zitzaizkidan haitz artean gora zangoei lagundu nahian eta arnasa ia geldituta galdera hura sortu zen berriz nire baitan zer dela eta mendi bat igo? Baina ez erantzunak ez zuen formarik hartu nahi.
Mendi ertz batekin liluratu nintzen hurrengo, hura zen hura gora igotzea, hura zen zerua labanaz moztea eta bideari ekin nion. Izerdi tantek sudurrean bera txirrist iturri bat bailira, hankek laprast, belaunak ubelduta, eskuak urratuta, amildegiaren ertzean laranja koloreko soka batez soilik helduta gailurrera heldu, jaitsi eta han galdetu zidan lagun batek nire piura ikusita: Zergatik igo mendira?
– Izarrak gertuago sentitzeko!

AZTIA, MOSKU


MOSKUKO NESKATO BATEK KONTATZEN DUEN ISTORIOA ENTZUN NAHI BADUZU, KLIKATU BEHEAN, ITXI BEGIAK, ZABALDU BELARRIAK ETA GOZATU. 





2020/03/18

KAR KARDANTXILO

         Nire auzoko batek terraza bat dauka. Terraza bat ikaragarri handia… eta hutsa. Terraza horretan ez dago loreontzirik, ez lorerik, ez mahairik, ez aulkirik, ezta eguzkitakorik ere.
Paretak biluzik daude; kaiola zahar bat dute iltze erdoildu batetik zintzilik, besterik ez.  Eta kaiola ere hutsik dago.
Hobeto esan, hutsik zegoen.
         Zeren eta pasa den astean nire auzokideak txori txiki bat kaiolatu zuen bertan; moko zorrotz, aurpegi gorri eta hegal hori-beltzekoa.
         Berehalaxe alpiste-ale batzuk askatxoan bota, eta ozen esan zion kaiolatuari:
—Jan-jan ezak, Kar Kardantxilo!
Ondoren, kaiolako edalontzia urez bete eta,jeneralak
bezala agindu zion:
E-edan ezak, Kar Kardantxilo!
Azkenik, makila bat hartu eta, orkestra zuzendariaren moduan, adierazi zion:
—Ka-kanta ezak, Kar Kardantxilo!
         Horrelakoa da nire auzokoa: agintzailea, hotza eta hitz gutxiko (behar bada totela delako).
         Dena dela, txoria ez zen kikildu eta ez zion nire auzoko ozpinduari inongo jaramonik egin: ez zuen jan, ez edan, ezta kantu egin ere.
         Agindutakoa bete beharrean, mingaina atera eta bizkarra eman zion nire auzoko atsekabetuari.
         Nire auzokoa gizon agintzailea, hotza, hitz gutxikoa… eta burugogorra da, BURUGOGORRENA. Lana utzi du Kar Kardantxiloren trebakuntzan aritzeko! Denbora guztia txoria entrenatzen bakarrik ematen du. Eta etxeko patioan, gau eta egun, lelo hau entzun behar izaten dugu:
  —Ja-jan ezak, Kar Kardantxilo! E-edan ezak, Kar Kardantxilo! Ka-kanta ezak, Kar Kardantxilo!!
         Eta Kar Kardantxilok, sekula ere kikiltzen ez denak, agindutakoa bete beharren…
Orain dela egun gutxi nire auzokoari irribarre bat sumatu nion (lehen aldia zen irribarretsu ikusten nuela!) Pozik zegoen txoriaren trebakuntza aurrera eta onera zihoalako. Kar Kardantxilok barra-barra jaten eta edaten zuen. Eta ez hori bakarrik: kirola ere egiten zuen,
         Eta, nahiz eta bere jabeari bizkarra emanda egon, atsedenaldirik hartu gabe abesten zuen!
         Baina ez zuen nota bakar bat ere ongi intonatzen.
         Oso antzekoak ziren Kar Kardantxiloren  ahotsa eta metala zerratzeko zerraren hotsa.
 —  “Hobera egingo du, ziur nago, noizbait hobera egingo du” baikor zegoen nire auzokoa.
         Hala ere, denborak aurrera jotzen zuen eta Kar Kardantxiloren ahotsak ez zuen hobera egiten. Nire auzokoa kezkatuta zegoen. Terrazako izkina batetik bestera zebilen, kasko soilduan hatz egiten, ideiak piztu nahian, pentsa eta pentsa.
         Egunez pasieran bazebilen, ez zuen inor molestatzen. Baina gauez egiten bazuen, terrazako bonbila piztuta, oinak arrastaka eta ilargiari bere minak azalduz…
         Hereneguneko egunsentian, hirugarren solairuko auzokoak, oso jenio bizian, galdetu behar izan zion:
—Zer dela eta ulu horiek?
—Nire txoriak oso gaizki abesten du! —erantzun zion negar zotinka.
— Ongi dakit, baina horrek konponbide erraza dauka. Entzun: bakarrik sentitzen direnean, txori guztiek oso gaizki abesten dute. Lor iezaiozu lagun bat eta Sinatrak berak baino hobeto egingo du —horrelako aholkua eman zion hirugarrenekoak—. Eta orain, itzali argia, astun horrek, lo egin behar dugu eta!
         Irri txiki bat agertu zen nire auzokoaren aurpegian. Bazekien nola konpondu Kar Kardantxiloren intonazio penagarria. Pasieran ibiltzeri utzi, terrazako bonbilla itzali eta deskantsatzera joan zen.
         Biharamunean, Kar Kardantxilok bisita atsegin bat hartu zuen: moko zorrotz, aurpegi gorri eta hegal hori-beltzeko txori eme txiki baten bisita, hain zuzen.
Derrigorrezko aurkezpenak egin gabe, nire auzokoak askatxora alpiste-ale gehixeago bota, eta ozen esan zion kaiolatu berriari:
 — Ja-jan ezan, Kar-Kardantxilo e-eme!
         Ondoren, kaiolako edalontzia urez bete eta, jeneralak bezala, agindu zion:
 — E-edan ezan, Kar Kardantxilo e-eme!
Azkenik, makila bat hartu eta, orkestra-zuzendariaren moduan, adierazi zio
—Ka-kanta ezan, Kar Kardantxilo e-eme!
         Eta orduko hartan ustekabe polita hartu zuen nire auzokoak: Kar Kardantxilo emeak jan, edan eta abestu egin zuen! (Jabeari bizkarra emanda, jakina!)
         Kar Kardantxiloek dueto bat osatu zuten.
Eta dueto hura baino…abeslari txarragorik ez zegoen.
         Kanta haiek (haiek kantak baldin baziren) metala zerratzeko bi kirteneko zerraren hotsa bezalakoak ziren. Eta bi kirteneko zerra hura noiznahi trebatu eta berehala abian jartzen zen berriro ere.
         Noizbait bi kirteneko zerra isildu zen… betiko.
         Eta Kar Kardantxiloen abesti itsusia eder bilakatu zen… nire auzokoaren terrazatik urrun, oso urrun.

2020/03/17

OINUTSIK JAUREGIAN

GAURKOAN OINUTSIK JAUREGIAN IPUINA IRAKURTZEKO AUKERA DUZU. 


BAINA, AMAIERARIK GABEKO IPUINA DA ETA AMAIERA ZUK IDAZTERA ANIMATZEN ZAITUGU. BURUARI ERAGINEZ, AMAIERA EDERRAK LOR DAITEZKE! 


EA ZER LORTZEN DUZUN! IDATZI ZURE PROPOSAMENA!



2020/03/16

HAU BAI ISTORIO BITXIA!


HEMEN INAXIO. 

INAXIOK ISTORIO BAT ASMATU BEHAR DU. DENOK DAKIGU EZ DELA LAN ERRAZA. HONA INAXIOREN BURUTAPENA!

IKUSI, ENTZUN ETA GOZATU.



ZERGATIK EZ DUZU ISTORIOTXO BAT IDAZTEN? GUSTORA IRAKURRIKO DUGU!

2020/03/15

LAINOA


Behin, zeru urdinean, beste hainbeste eta hainbeste bezala, laino bat sortu zen. Ez zen laino handia, ezta txikia ere. Ez zen oso biribila, luzanga, ezta okerra ere. Besterik gabe, laino bat zen.
Hasieran lasai utzi zuten arren, laster hasi zitzaizkion galdezka beste lainoak:
– Aizu! Eta zu zer zara?
– Begira begira! Elefante bat naiz! – Esan zuen alboko beste laino batek gure lainoari erantzuteko astirik ere eman gabe.
– Kafe kikara bat naiz ni! – Bota zuen beste batek.
– Ba ni bizikleta bat! – Hirugarren batek agudo.
Baina gure lainoak ez zuen erantzunik.
Sortu zen unetik bertatik saiatu zen forma ezberdinetara egokitzen. Baloi forma hartzen saiatu zen baina ez zen gustura sentitu. Arkatz baten itxura hartzea otu zitzaion gero baina ez zitzaion punta zorrotz hura ateratzen. Hirugarren saiakeran, lore forma hartu nahi izan zuenean aldiz, ezin izan zuen erabaki zer loreren itxura hartuko zuen, hainbeste mota ezberdin daude…
– Baina aizu! Zer zara zu?
– Ni kantinplora bat naiz!
– Ni aldiz aterki bat!
– Nik betaurreko batzuen forma hartu dut!
Baina gure lainoak ez zuen ezer izatea lortzen.
Ahalegin guztiak egin zituen lainoak. Biribilxeago, zuzenago, okerrago… Koloreekin ere frogatu zuen ez pentsa! Egunsenti batean gorriz jantzi zen eta neguko ekaitz baten ondoren berdez ere bai ia, baina ez zen haietako batean ere gustura sentitzen.
– Zer zara zu?
Sardexka baten forma hartzen ahalegindu zen, itsasontzi batena, hegazkin batena… Harri baten forma hartzen saiatuta ere ez zuen ba lortzen.
Azkenenan lainoak amore eman zuen urmael baten gainean. Ez zen gai, ezer izatera heltzeko, eta beste lainoek ez zioten galdetzeari uzten.
– Zergatik zaude hain muturtuta? Galdetu zion urmaelean saltoka zebilen igel batek lainoari.
– Triste nago, ez dudalako zer izan asmatzen – bota zion lainoak – ez dakit zer naizen!
– Ha zer txorakeria! – Bota zion igelak ia barreka. – Ireki begiak eta begiratu hona!
Urmaeleko ur gardenetan bere isla ikusi zuen lainoak.
– Zu laino bat zara!

                                                                                             www.irribarrez.info- tik jasotako ipuina

2020/03/06

MARTXOAREN 8A


IGANDEAN EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA DA.


BERDINTASUNAREN ALDE EGITEN DUGU GUK ERE!



ALDAKETA  ESKUETAN DAGO !

2020/02/11

EMAKUME ETA NESKA ZIENTZIALARIEN NAZIOARTEKO EGUNA

IZAN DIREN ETA IZANGO DIREN EMAKUME ZIENTZIALARIEN NAZIOARTEKO EGUNA DA GAUR.




Orokorrean, emakume gutxiagok aukeratzen du zientziaren bidea. Baina, hala eta guztiz ere, badira emakume zientzialariak, puntakoak, eta gaur dute beren eguna. 
Askotan pentsatu izan da zientzia mutil edo gizonen kontua dela, baina uste horiek atzean utzi eta nesken kontua ere badela aldarrikatu behar dugu!

Trebatzen joan zaitezten hemen esperimentu erraz batzuk. Gozatu!



2020/01/29

EUSKAL MITOLOGIA: TARTALO

TARTALOREN KONDAIRA


Gure arbasoengandik ahoz aho iritsi zaigun aintzineko kondairaren arabera, Tartaloak erraldoi arraza bat izan ziren. Kopetean begi bakarra zuten eta giza haragia zen haien elikagai nagusia.

Jatorriz Europa erdialdekoak ziren, baina dirudienez leku ezberdinetara sakabanatu ziren. Haietako ale batzuk ibiliz ibili, mendiz mendi, bailaraz bailara, Euskal Herrira iritsi ziren. Ez dakigu noiz gertatu zen hori edo zenbat urtez iraun zuten gure artean. Dakigun bakarra zera da, Euskal Herriko azkeneko bi Tartaloak (aita semeak) Zegamako mendian bizi zirela "Tartaletxea" izeneko kobazuloan.



TARTALO ETA PATXI ARTZAINA


2020/01/21

EUSKAL MITOLOGIA: LAMIA

LAMIAREN ADINA


Mendialde horretan artzain gazte bat bere ardiekin zebilen. Holako batez, harpe baten ondora hurbildu zen, eta hortxe ikusi zuen neska polit bat, lamia bat, bere ile luzeak urrezko orraze batekin orraztatzen. Neska polit honen ondora hurbildu eta hizketan hasI zen gure mutil gaztea, eta laster esan zion berarekin ezkontzeko gogoa zuela. 
-Bai, ni ados naiz, baina, lehenik, zenbat urte ditudan aurkitu behar duzu, mutil.
Eta mutilak ez zuen asmatu. Baina herrian ezagutzen zuen holako atso bat, azti bat erdi-sorgina. Haren ikustera jautsi zen, eta kontatu zion guztia. Emakumeak erran zion: 
- Egon zaitez lasai, egon zaitez trankil, nik jakingo dut adina, jakingo dut nik. 
Eta atsoa mendialdera igo zen. Koba ondora heltzean, emakumeak bizkarra eman zion zuloari, bueltatu zen, gonak altxa zituen, hankak zabaldu, eta bere gorputza osoki makurtu. Hortxe, bere burua belaunen artean zuela, ah! begira itxura, begira itxura hori, eta horrelako "EUP" bat bota zuen, lamiak entzun zuena. Poliki-poliki hurbildu zen atari ondora eta ikusi zuen piztia hori, eta gora-gora esan: 
- Ah! Badu ehun eta bost urte hemen nagoela eta ez dut behin ere holakorik ikusi.
Eta, galderak bere buruan, poliki-poliki bueltatu zen lamia koba barrura. Orain atso zaharrak badaki. Altxatu da, gonak behera bota eta lasterka herrira jautsi, artzain gazteari dena kontatzera. 
- Zure lagunak ehun eta bost urte dauzka. 
- Ehun eta bost urte, ehun eta bost urte... 
Hori gogoan, mutil gaztea mendiko bidean ikusi da. Hara heltzean, koba ondoan dago lamia. 
-Ehun eta bost urte dituzu. 
- Bai, hori egia da, eta, hitz eman bezala, zurekin ezkonduko naiz. Ou! mutilaren poza, honen kontenta.
- Baina badakizu, ezkontzen zarelarik ama abisatu behar duzula. 
Orduan bere amaren ikustera jautsi zen, eta guztia kontatu zion. 
-Seme, neskari oinak ikusi dizkiozu? 
- Oinak? 
- Bai, zoaz íkustera. Gero aipatuko dugu ezkontza edo.

Gure artzain gaztea mendira igo zen. Koba ondora heltzean, ikusi zuen lamia, polita, gorputz ederra, hankak. Eta oinak? Oinak palmatuak, ahate baten oinak irudi. Orduan gure artzainak holako oihu garrasi luze bat bota zuen. Herrira jautsi zen, bere etxean logelan sartu, gaixorik. Eta zenbait egunen buruan hil egin zen artzain gaztea.

2020/01/16

ZIENTZI ASTEA

Zientzia astearen erdia igaro dugu dagoeneko!
 Aste honetan, denboran atzera joaten hasi eta miloika urte atzera egin dugu. Dinosauroen garaian murgilduta gabiltza. Hori dela eta,  hemen "DINOSAUROEI BURUZKO EGIA" liburu ederra.


2020/01/13

EUSKAL MITOLOGIA : MARI

TXINDOKIKO MARI


Amezketan kontatzen zutenez, ba omen ziren zazpi urte Mari Txindokiko bere haitzulotik desagertu zela. Baina zaldi bat zeruan hegan ikusi zutenean eta izugarrizko euri jasa hasi zuenean, herritarrak berehala konturatu ziren Mari bueltatu zela. Marizulo kobazuloa zuen bizileku, eta urrez estalia zuen. Dena urrezkoa omen zen barruan, altzariak ere bai. Behin batean, asteak euritan egon ondoren, atertu eta lainoak urruntzen ari zirenean, Txindokiri laino-txapela gelditu zitzaion tontorrean. Orduan ohartu ziren Marik labea piztu zuela.

Goiz batean, Kattalin izeneko neska gazte amezketar bat joan zen mendira artaldearekin, eta, egun guztian ardiak larrean eduki ondoren, artaldea biltzen hasi zen. Kontatu zituenean, bat falta zitzaiola konturatu zen. Artaldearen jabeak egingo zionaren beldur, mendian gora abiatu zen falta zitzaion ardiaren bila. Batek baino gehiagok esana zion Mari Txindokin zenean ez gerturatzeko inguru haietara, baina ardi galdua topatu beharra zeukan. Aurrerago joan zenean, hara non, ardia haitzulo baten sarreran aurkitu zuen, eta bere ondoan andre eder eta galai bat ikusi zuen, sekula ikusi ez zuen bezalako dama. Mari zen. Marik nor zen eta zein familiatakoa zen galdetu zion neskatxari. Honek, Kattalin zela bere izena esan zion, eta ez zuela familiarik, ardi haiek herriko jaun batenak zirela. Orduan, Marik berarekin bizitzen gelditzeko proposamena egin zion, eta zazpi urte berari laguntzen egoten bazen aberatsa egingo zuela agindu zion.

Horrela, bada, Kattalin Marizuloko damari laguntzen gelditu zen, eta zazpi urte haietan asko ikasi zuen neskatxak: haria egiten, ogia egiten, landareen ezaugarri magikoak ezagutzen, abereen hizkera ulertzen, eta beste hainbat zereginetan. Baina, di-da batean pasa ziren urteak, eta, garaia iritsi zenean, honela esan zion Marik:

—Kattalin, ondo bete duzu zure hitza, zintzo lagundu didazu, eta esanekoa izan zara. Nik joan egin behar dut, eta aberatsa egingo zintudala agindu nizunez, tori!

Marik ikatz puska handi bat eman zion. Harrituta gelditu zen neska gaztea, baina ez zen ausartu ezer esaten. Haitzulotik atera zenean, urre distiratsu bihurtu zen ikatza. Neska pozaren pozez jaitsi zen herrira; etxea eta artaldea erosi zituen, eta inoren aginduetara egon beharrik gabe bizi izan zen zoriontsu gure Kattalin.


2019/12/20

GABONAK HEMEN DITUGU!

GOZA ITZAZUE EGUN HAUEK ETA INDARTSU ITZULI URTE BERRIAREKIN BATERA!

ONDO PASA !


2019/12/10

IPUIN KONTAKETA : PELLO AÑORGA

IPUIN KONTAKETA SAIOA  UDAL LIBURUTEGIAN

Urteko azken ipuin kontaketa saioa,  abenduaren 12an, ostegunez, egingo da.
Saio honetarako, Euskal Herrian dugun kontalaririk ezagunena gonbidatu dute, Pello Añorga, eta saioa txikitxoenei zuzendurikoa izango da.
Animatu!

2019/12/04

DURANGOKO AZOKA 2019

2019ko abenduaren 5etik 8ra 54. DURANGOKO AZOKA ospatuko da. Euskal Herriko argitaletxeen eta diskoetxeen lanak ezagutzeko plaza paregabea da.

ANIMA ZAITEZ!

Klikatu gainean
Klikatu irudian

Era guztietako publikoarentzat kultur eskaintza zabala egoten da. Haur eta gazteentzako guneari Saguganbara deitzen diote. Bertan, urtean zehar eman diren lanak aurkezten dira.



 Klikatu  irudi gainean
Klikatu irudian


2019/12/03

EUSKARAREN EGUNA


Gaur, Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna da. 

Azken urteotan, euskara dakitenen kopuruak gora egin du baina, euskara erabiltzen dutenen kopuruak aldiz, oso gutxi. Horregatik, euskaraz dakigun guztioi, -zuri eta guri- dagokigu euskara gure ezpainetan, kaleetan, eskoletan eta eremu guztietan jartzea, erabileran baitago hizkuntzaren gakoa eta biziraupena.

Zain dezagun gure altxorrik preziatuena!



2019/11/28

AZOKA BEREZIA LEGAZPIN

Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean Olentzero Azoka egongo da Legazpin.
Legazpiko 17 dendak produktu desberdinak eskeiniko dituzte. Horretaz gain, bertan talogileak, Musika Eskolako musikariak eta Santikutz Abesbatza izango dira giroa alaitzen. Sorgintxuloren eskutik, umeentzako jolasak eta eskulanak ere izango dira.

Irudi gainean klikatu eta programa ikusteko aukera izango duzue.

 Azoka egitaraua
Klikatu irudi gainean

2019/11/27

MAISU/MAISTREN EGUNA

Azaroaren 27an, San José de Calasanz, Irakasleon eguna ospatzen da.

Googleek irakasleei urtero egiten die omenalditxo bat. Irudiaren gainean klikatu eta ikusi aurtengo doodlela. 


 Irakasleentzako doodlela
Klikatu gainean


2019/11/25

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Gaur "Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna" ospatzen dugu. Arratsaldean, "Ez beti da ez" abesti zoragarriarekin dantza eder bat egingo dugu. 




Gaurko egunari lotuta, hona hemen egun hauetan zehar entzuten aritu garen beste bideo eder bat, "Mari More".




2019/11/08

AGURRA

Momentuz honaino heldu gara ibilbide honetan.
 Esker mila blog hau erabili duzuen guztioi.
Etorkizunerako ez dakigu jarraipena izango ote duen. Hala bada, ongietorria. Ez badu aurrera egiten, ez ahaztu informazioa bertan jarraitzen duela. Beheko irudian klikatu eta eskuragarri dituzue ipuinak, bideoak, denborapasak, bitxikeriak, argazkiak, 
zeuen lanak eta abar luze bat.



De momento, hasta aquí hemos llegado con este trabajo que comenzamos en octubre de 2011. Desconocemos si este blog  tendrá continuidad en un futuro. De todas formas, sabed que la información sigue ahí y aunque no se realicen nuevas entradas, podéis seguir utilizándolo.
 Para ello pinchad en la imagen superior y accedéis en un segundo a un desplegable con toda la información del blog.  Mil gracias y un afectuoso saludo a todas las usuarias y usuarios confiando en que os haya sido y siga siendo útil.