Ikastetxean lantzen dugun irakur-idazketa prozesua eta beste zenbait lan eta berri interesgarri ezagutarazteko tresna.
Blog que aglutina diversas noticias y aspectos relacionados con la lectoescritura y demás aprendizajes, tal y como los trabajamos en nuestro centro.

2020/03/15

LAINOA


Behin, zeru urdinean, beste hainbeste eta hainbeste bezala, laino bat sortu zen. Ez zen laino handia, ezta txikia ere. Ez zen oso biribila, luzanga, ezta okerra ere. Besterik gabe, laino bat zen.
Hasieran lasai utzi zuten arren, laster hasi zitzaizkion galdezka beste lainoak:
– Aizu! Eta zu zer zara?
– Begira begira! Elefante bat naiz! – Esan zuen alboko beste laino batek gure lainoari erantzuteko astirik ere eman gabe.
– Kafe kikara bat naiz ni! – Bota zuen beste batek.
– Ba ni bizikleta bat! – Hirugarren batek agudo.
Baina gure lainoak ez zuen erantzunik.
Sortu zen unetik bertatik saiatu zen forma ezberdinetara egokitzen. Baloi forma hartzen saiatu zen baina ez zen gustura sentitu. Arkatz baten itxura hartzea otu zitzaion gero baina ez zitzaion punta zorrotz hura ateratzen. Hirugarren saiakeran, lore forma hartu nahi izan zuenean aldiz, ezin izan zuen erabaki zer loreren itxura hartuko zuen, hainbeste mota ezberdin daude…
– Baina aizu! Zer zara zu?
– Ni kantinplora bat naiz!
– Ni aldiz aterki bat!
– Nik betaurreko batzuen forma hartu dut!
Baina gure lainoak ez zuen ezer izatea lortzen.
Ahalegin guztiak egin zituen lainoak. Biribilxeago, zuzenago, okerrago… Koloreekin ere frogatu zuen ez pentsa! Egunsenti batean gorriz jantzi zen eta neguko ekaitz baten ondoren berdez ere bai ia, baina ez zen haietako batean ere gustura sentitzen.
– Zer zara zu?
Sardexka baten forma hartzen ahalegindu zen, itsasontzi batena, hegazkin batena… Harri baten forma hartzen saiatuta ere ez zuen ba lortzen.
Azkenenan lainoak amore eman zuen urmael baten gainean. Ez zen gai, ezer izatera heltzeko, eta beste lainoek ez zioten galdetzeari uzten.
– Zergatik zaude hain muturtuta? Galdetu zion urmaelean saltoka zebilen igel batek lainoari.
– Triste nago, ez dudalako zer izan asmatzen – bota zion lainoak – ez dakit zer naizen!
– Ha zer txorakeria! – Bota zion igelak ia barreka. – Ireki begiak eta begiratu hona!
Urmaeleko ur gardenetan bere isla ikusi zuen lainoak.
– Zu laino bat zara!

                                                                                             www.irribarrez.info- tik jasotako ipuina

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina