Ikastetxean lantzen dugun irakur-idazketa prozesua eta beste zenbait lan eta berri interesgarri ezagutarazteko tresna.
Blog que aglutina diversas noticias y aspectos relacionados con la lectoescritura y demás aprendizajes, tal y como los trabajamos en nuestro centro.

2020/03/27

SORGINA KIRRIS KARRAS

BURDINEZKO HORTZAK ETA HAURRAK JATEN ZITUEN SORGINAREN ISTORIOA.

KLIKATU GAINEAN

2020/03/26

KORONABIRUSA

BIZITZEN ARI GAREN GARAI HAUEK AZALTZEN DITUEN IPUIN BAT DUGU JARRAIAN.

KLIKATU GAINEAN

PAPIROFLEXIA ERABILIZ, KORONABIRUSAREN INGURUKO IPUINTXOA IKUSGAI DUZUE HEMEN.


2020/03/25

DOÑA KARMEN

GAURKOAN ETXEKO TXIKIENENTZAKO IPUINA. IPUIN EZAGUN ETA EDERRA. 

ENTZUN ARRETAZ, IKASI ETA KONTA EDO ANTZEZ IEZAIOZU FAMILIAKO NORBAITI!



2020/03/24

IRAULTZA AMETSETAN


Eguna hogeita lau ordutan banatu zenean, eta ordua 60 minututan, eta minutua 60 segundotan, segundo hauetako bakoitzak izugarrizko inportantzia hartu zuen pertsonentzat. Gehiegizko garrantzia. Segundo bakoitza zehatz bete beharra zegoen, dena zegoen zuhur antolatuta, den-dena erlojuaren orratzen menpe.
Erotu egin ziren orduan gizakiak eta alde guztietara korrika joaten hasi ziren. Denbora aurreztu beharra zegoen. Ezin zuten segundo bakarra ere alperrik galdu. Haurrak autoan eramaten zituzten gurasoek eskolara, bazkaltzeko tarteak 23 minutu eta 17 segundoko iraupena zuen postrerako arroz-esnea bazeukaten, etxera korrika itzuliz gero Mitxelena kaletik 3 minutu eta 9 segundo aurrezten zituzten eta gero korrika egiten zuten kirola egitearren ere, korrika, 30 minutu eta 12 ehunekotan zehar, ezta segundo bat gehiago ere.
Sistema haren eragina Mallabiena auzoko Ametsen Fabrikara ere iritsi zen. Nagusiek bezeroen eskaerari erantzun behar zioten eta topera jarri zituzten makinak! Langileak errelebotara aritu ziren lanean ordu luzez, atsedenik hartu gabe, eta hainbeste findu zuten beren produktua ezen segundo bakoitzeko ehunka amets sartzea lortu baitzuten.
Ziztu bizian zihoan dena, geroz eta azkarrago. Bazkaltzeko nahikoa ziren 16 minutu eskas eta arroz esnerik ez hartu, Mitxelena kaletik baino azkarrago zen Ukerdi kalean metroa hartuta eta korrika 29 minutu eta 54 segundo. Eta gero lo, eta lotan, ehunka, milaka amets. Denak ziztuan, denak arrapaladan, denak bata bestearen atzetik amilduta.
Eta orduan gertatu zen. Orduan altxa zen iraultza. Itziar Larrañagak, Ametsen Fabrikako bigarren korridoreko, zazpigarren  makinako operariak, bere makina trabatu zuen! 
–          Ez gara korrika biziko!!! – Eta kaosa, hondamena, dena gelditu zen bat-batean.
Ordutik, sarri gertatzen zaigu, ametsetan korrika egin nahi eta oinak lurrera iltzatuta bagenitu bezala sentitzea, bizi gaituen gehiegizko abiadura honen oroigarri.

2020/03/23

eLIBURUTEGIA

ZER DA eLIBURUTEGIA?





Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko liburutegiek lankidetzan osatu duten online liburuen bilduma bat da.

Liburu berriak eta ez hain berriak, denon eskura ditugu bertan. Euskaraz, gaztelaniaz eta beste hizkuntza batzuetan. 

Liburua deskargatu eta lasai ederrean etxean irakurtzeko aukera eskaintzen du.

Liburutegiko liburuak bezalaxe, 21 egun izan ditzazkegu mailegaturik online liburu hauek.




NORK ERABIL DEZAKE?

Edozeinek, Legazpiko liburutegiko bazkide direnak eta ez direnak. 


NOLA?

Lehenik, esteka honetan klik eginez eta bertan agertzen den taulan zuen datuak sartuz. 






ARAZOREN BAT IZANEZ GERO, LEGAZPIKO UDAL LIBURUTEGIAREKIN HARREMANETAN JARRI. 




ANIMA ZAITEZTE! AUKERA BIKAINA BAITA NAHI DUZUEN LIBURUA IRAKURTZEKO!


LIUR AZERIA

Gaua zen. Ilargi zuriak eta borobilak bazter guztiak argitzen zituen. Baita Marixaren baserria ere. 
Paisaia ederra ikusten zen handik: zuhaitz zahar bat, baserriaren azpi aldeko larrea, larre ondoko basoa, eta, urrutira, mendi lerro dotorea.
Gaua zen eta gau horretan baserriko animaliak lo zeuden:
Behiak, ukuiluan, elkarren ondoan;ardiak, hausnarrean, bertan goxo; oiloak, kotan, oilategiko makiletan igota; zaldiak, lau hanketan zutik, baso inguruan; txerriak, lasto gainean etzanda, bero-bero; eta Marixa… Marixa bere ohean, zurrungaka!
Baina animalia bat adi-adi zegoen baserriaren azpi aldeko larre ondoko basoan, begiak zabal-zabalik, kliska bat bera ere egin gabe: Liur azeria.      
Liurrek ondo ezagutzen zituen Marixaren oilo ederrak, orduak ematen baitzituen haiei begira. Eta gau hartan basotik ateratzea erabaki zuen. Zeharkatu zuen larrea, begiratu zion baserri ondoko kupelaren gainean zegoen oiloari, luzatu zituen hatzaparrak eta ZASSSTTT!! harrapatu zuen. Heldu zion ondo-ondo oiloari, itzuli zen basora ziztu bizian, eta bere azeri zuloan  ezkutatu zen.
Hurrengo goizean, gosaldu ostean, baserriko lanak egin zituen Marixak, egunero bezala: zaldiei belarra eman, ardiak larrera atera, behiak jetzi, txerrien korta txukundu, baratza jorratu…
Baina oiloei artoa ematera joan zenean, lurrean lau luma aurkitu zituen.
- Hara! Oilo lumak! Ea denak dauden… bat, bi, hiru, lau… lau… lau Ai ene!
- Oilo bat desagertu da!  Ez, ez! Desagertu ez! Lapurtu egin didate!
Joan zen lastategira, hartu zuen lasto fardel bat, eta baserri ingurura ekarri zuen.Gero beste fardel bat ekarri zuen, eta gero beste bat, baserri guztia inguratu zuen arte.
- Azeri madarikatu hori ez da berriro hona sartuko! Ez horixe!
Baina Liur oso azeri trebea zen, eta gaua iritsi zenean, berriz ere atera zen basotik, zeharkatu zuen baserri azpiko larrea, gainditu zuen  lasto hesia salto batez eta... bi oilo aurkitu zituen elkarren ondoan lo. Luzatu zituen hatzaparrak eta… ZASSSTTT!!, hartu bi oiloak, itzuli basora eta bere gordelekuan sartu zituen.
Hurrengo goizean, esnatu zenean, beste lanak egin aurretik, oiloak ikustera joan zen Marixa. Oilategira sartu eta lumadunak zenbatzen hasi zen: Bat, bi... bi? Baina, baina, zer da hau! Bi besterik ez!
Haserre bizian, egurtegira joan eta egurrezko hesi bat egiten hasi zen. Moztu zituen enborrak, ZIRRI ZARRA, ZIRRI ZARRA! Zorroztu  zien punta, eta lurrean sartzen  aritu zen DANBA-DANBA, baserri guztia inguratu zuen arte.
- Azeri madarikatu horrek ez du berriro lortuko! Zer uste du horrek! Je, je!!
Hurrengo goizean, eguzkia atera zenean, salto batez ohetik altxa eta oiloak ikustera joan zen berehala Marixa. Atea zabaldu   eta…
- Ea ba!... Hemen dago bat. Bigarrena… eta bigarrena? Beste oilo bat eraman dit azeri madarikatu horrek! Hara! Harrapatzen badut, txiki txiki egingo dut!
Hesia ondo aztertu eta Liurrek egindako zuloa ikusi zuen Marixak. Orduan, berriro ekin zion lanari; inguruan aurkitu zituen harririk handienak hartu eta sendo-sendo jarri zuen hesia. Gero, zulo txikiak buztinez estali zituen.
Gaua iritsi zenean, atera zen azeria berriro ere basotik eta, larrea zeharkatu ondoren, hesi inguruan zelatan jarri zen, kuxkuxeatzen.
Liur, azeri azkarra eta trebea izateaz gain, nahiko burugogorra ere bazen, eta gau osoa eman zuen baserri inguruan bueltaka, baina behin eta berriz saiatuta ere, ez zuen aurkitu oilategian sartzeko zirrikiturik, eta bosgarren oiloa eraman gabe itzuli behar izan zuen bere gordelekura.
Hurrengo goizean, oilategira joan zenean eta bere oiloa hantxe lasai lasai aztarrika ikusi zuenean, sekulako poza hartu zuen Marixak:
- Lortu dut! Lortu dut! Azeri gaizto horrek ez du lortu sartzerik!
Baina oilategitik atera zenean zer edo zer arraroa nabaritu zuen Marixak:
- Ai, hau da hau! Hesi sendoa bai, hor dago!  Azeri gaizto hori ez da berriro sartu, baina non dago orain nire paisaia ederra? Non etxe aurreko zuhaitz zaharra? Non dago baserri azpiko larrea? Non daude basoa eta mendi lerroak? Ai, hau pena! Neuk egindako hesi  sendoa besterik ez dut ikusten!
Marixa Liurrekin oso-oso haserre zegoen, baina aldi berean oso triste inguruko larreak, basoak, zuhaitzak eta  mendilerroak ezin ikusita.
- Horrela ez dago jarraitzerik! Badakit zer egin! Liurrekin hitz egin behar dut!
Hesia zeharkatu eta, aztarnei jarraituz, Liurren gordelekuraino iritsi zen.
- Atera zaitez zulo zikin horretatik!
Liur beldurtuta atera zen gordelekutik.
- Zer demontre zabiltza nire oiloak jaten? Zuk ez daukazu lotsarik, ezta!
- Baina, baina... nik zure oiloak jan? Nik ez ditut oiloak jaten. Nik zure oiloak asko maite ditut. Baina  hemen bakar-bakarrik nago, eta zuek, baserrian, lagun asko zarete, eta...
- Nola? Zer diozu? Lagunak nahi dituzula, hori besterik ez? Jolasteko lagunak?
Une horretan, Liurren azeri zulotik lau oiloak atera ziren poz-pozik. Marixak, oiloak sano zeudela ikusita, azeriari begiratu eta esan zion:
- Horrela bada, etor zaitez gurekin baserrira!
Hurbildu zen Marixa azeriarengana eta lau kolpetxo eman zizkion buruan, maitekiro.Eta denak abiatu ziren baserrira elkarrekin, alai eta kontentu: Liur, Marixa eta lau oiloak. Harrez geroztik, azeri azkar, trebe eta burugogorra egunero hurbiltzen da Marixaren baserrira, gainerako animaliekin jolastera.
Marixak hesia bota egin zuen, eta, egurra eta lastoa larre erdian pilatuta, meta handi bat egin zuen. Uda iritsi zenean, izugarrizko sua piztu eta animalia guztiak han inguruan ibili ziren korrika eta saltoka.
 Eta hala bazan, ez bazan
sar dadila kalabazan
eta atera dadila
Marixaren baratzan!!

2020/03/20

MATTINEN BELDUR KUTXA


BELDURRA, EZ DA ATSEGINA EZTA? ZEINEK EZ DAUKA BELDURRA? EDOZER GAUZAREN BELDUR IZAN GAITEZKE. HONA HEMEN, BELDURREAN OINARRITUTAKO ISTORIOTXOA.






DEBAKO KONTALARIAK

2020/03/19

IZARRAK GERTURATZEN


Behin etxe pareko muinoari begiratu nion behetik gora eta pausoak bata bestearen segidan jarrita bideari ekin nion zuhaitz artean gora. Bidea erraza zen hasieran baina izerdi tantak sudurrean behera amiltzen hasi ziren gero eta nire buruari galdetu nion zergatik igo mendi bat? Baina ez nuen asmatu erantzunik hitzez josten.
Bazen alboko herrian mendi altuago bat. Malkarragoa zen igotzeko, arriskutsuagoa ere bai baina pausuak hara bideratu zitzaizkidan. Izerdi tantak sudurrean behera, eta hankek harri artean laprast eta prakak lokaztuta eta belaunak ubelduta nire buruari galdegin nion zertarako igo mendi bat? Ez zitzaidan ordea erantzunik otu.
Mendi altuagoetara joateko irrika sortu zitzaidan orduan. Ez nekien ondo zergatik, baina libre utzi nien zangoei. Izerdi tantak sudurrean behera, hankek harrietan laprast, eta eskuetako atzamarrak ere urratu zitzaizkidan haitz artean gora zangoei lagundu nahian eta arnasa ia geldituta galdera hura sortu zen berriz nire baitan zer dela eta mendi bat igo? Baina ez erantzunak ez zuen formarik hartu nahi.
Mendi ertz batekin liluratu nintzen hurrengo, hura zen hura gora igotzea, hura zen zerua labanaz moztea eta bideari ekin nion. Izerdi tantek sudurrean bera txirrist iturri bat bailira, hankek laprast, belaunak ubelduta, eskuak urratuta, amildegiaren ertzean laranja koloreko soka batez soilik helduta gailurrera heldu, jaitsi eta han galdetu zidan lagun batek nire piura ikusita: Zergatik igo mendira?
– Izarrak gertuago sentitzeko!

AZTIA, MOSKU


MOSKUKO NESKATO BATEK KONTATZEN DUEN ISTORIOA ENTZUN NAHI BADUZU, KLIKATU BEHEAN, ITXI BEGIAK, ZABALDU BELARRIAK ETA GOZATU. 





2020/03/18

KAR KARDANTXILO

         Nire auzoko batek terraza bat dauka. Terraza bat ikaragarri handia… eta hutsa. Terraza horretan ez dago loreontzirik, ez lorerik, ez mahairik, ez aulkirik, ezta eguzkitakorik ere.
Paretak biluzik daude; kaiola zahar bat dute iltze erdoildu batetik zintzilik, besterik ez.  Eta kaiola ere hutsik dago.
Hobeto esan, hutsik zegoen.
         Zeren eta pasa den astean nire auzokideak txori txiki bat kaiolatu zuen bertan; moko zorrotz, aurpegi gorri eta hegal hori-beltzekoa.
         Berehalaxe alpiste-ale batzuk askatxoan bota, eta ozen esan zion kaiolatuari:
—Jan-jan ezak, Kar Kardantxilo!
Ondoren, kaiolako edalontzia urez bete eta,jeneralak
bezala agindu zion:
E-edan ezak, Kar Kardantxilo!
Azkenik, makila bat hartu eta, orkestra zuzendariaren moduan, adierazi zion:
—Ka-kanta ezak, Kar Kardantxilo!
         Horrelakoa da nire auzokoa: agintzailea, hotza eta hitz gutxiko (behar bada totela delako).
         Dena dela, txoria ez zen kikildu eta ez zion nire auzoko ozpinduari inongo jaramonik egin: ez zuen jan, ez edan, ezta kantu egin ere.
         Agindutakoa bete beharrean, mingaina atera eta bizkarra eman zion nire auzoko atsekabetuari.
         Nire auzokoa gizon agintzailea, hotza, hitz gutxikoa… eta burugogorra da, BURUGOGORRENA. Lana utzi du Kar Kardantxiloren trebakuntzan aritzeko! Denbora guztia txoria entrenatzen bakarrik ematen du. Eta etxeko patioan, gau eta egun, lelo hau entzun behar izaten dugu:
  —Ja-jan ezak, Kar Kardantxilo! E-edan ezak, Kar Kardantxilo! Ka-kanta ezak, Kar Kardantxilo!!
         Eta Kar Kardantxilok, sekula ere kikiltzen ez denak, agindutakoa bete beharren…
Orain dela egun gutxi nire auzokoari irribarre bat sumatu nion (lehen aldia zen irribarretsu ikusten nuela!) Pozik zegoen txoriaren trebakuntza aurrera eta onera zihoalako. Kar Kardantxilok barra-barra jaten eta edaten zuen. Eta ez hori bakarrik: kirola ere egiten zuen,
         Eta, nahiz eta bere jabeari bizkarra emanda egon, atsedenaldirik hartu gabe abesten zuen!
         Baina ez zuen nota bakar bat ere ongi intonatzen.
         Oso antzekoak ziren Kar Kardantxiloren  ahotsa eta metala zerratzeko zerraren hotsa.
 —  “Hobera egingo du, ziur nago, noizbait hobera egingo du” baikor zegoen nire auzokoa.
         Hala ere, denborak aurrera jotzen zuen eta Kar Kardantxiloren ahotsak ez zuen hobera egiten. Nire auzokoa kezkatuta zegoen. Terrazako izkina batetik bestera zebilen, kasko soilduan hatz egiten, ideiak piztu nahian, pentsa eta pentsa.
         Egunez pasieran bazebilen, ez zuen inor molestatzen. Baina gauez egiten bazuen, terrazako bonbila piztuta, oinak arrastaka eta ilargiari bere minak azalduz…
         Hereneguneko egunsentian, hirugarren solairuko auzokoak, oso jenio bizian, galdetu behar izan zion:
—Zer dela eta ulu horiek?
—Nire txoriak oso gaizki abesten du! —erantzun zion negar zotinka.
— Ongi dakit, baina horrek konponbide erraza dauka. Entzun: bakarrik sentitzen direnean, txori guztiek oso gaizki abesten dute. Lor iezaiozu lagun bat eta Sinatrak berak baino hobeto egingo du —horrelako aholkua eman zion hirugarrenekoak—. Eta orain, itzali argia, astun horrek, lo egin behar dugu eta!
         Irri txiki bat agertu zen nire auzokoaren aurpegian. Bazekien nola konpondu Kar Kardantxiloren intonazio penagarria. Pasieran ibiltzeri utzi, terrazako bonbilla itzali eta deskantsatzera joan zen.
         Biharamunean, Kar Kardantxilok bisita atsegin bat hartu zuen: moko zorrotz, aurpegi gorri eta hegal hori-beltzeko txori eme txiki baten bisita, hain zuzen.
Derrigorrezko aurkezpenak egin gabe, nire auzokoak askatxora alpiste-ale gehixeago bota, eta ozen esan zion kaiolatu berriari:
 — Ja-jan ezan, Kar-Kardantxilo e-eme!
         Ondoren, kaiolako edalontzia urez bete eta, jeneralak bezala, agindu zion:
 — E-edan ezan, Kar Kardantxilo e-eme!
Azkenik, makila bat hartu eta, orkestra-zuzendariaren moduan, adierazi zio
—Ka-kanta ezan, Kar Kardantxilo e-eme!
         Eta orduko hartan ustekabe polita hartu zuen nire auzokoak: Kar Kardantxilo emeak jan, edan eta abestu egin zuen! (Jabeari bizkarra emanda, jakina!)
         Kar Kardantxiloek dueto bat osatu zuten.
Eta dueto hura baino…abeslari txarragorik ez zegoen.
         Kanta haiek (haiek kantak baldin baziren) metala zerratzeko bi kirteneko zerraren hotsa bezalakoak ziren. Eta bi kirteneko zerra hura noiznahi trebatu eta berehala abian jartzen zen berriro ere.
         Noizbait bi kirteneko zerra isildu zen… betiko.
         Eta Kar Kardantxiloen abesti itsusia eder bilakatu zen… nire auzokoaren terrazatik urrun, oso urrun.

2020/03/17

OINUTSIK JAUREGIAN

GAURKOAN OINUTSIK JAUREGIAN IPUINA IRAKURTZEKO AUKERA DUZU. 


BAINA, AMAIERARIK GABEKO IPUINA DA ETA AMAIERA ZUK IDAZTERA ANIMATZEN ZAITUGU. BURUARI ERAGINEZ, AMAIERA EDERRAK LOR DAITEZKE! 


EA ZER LORTZEN DUZUN! IDATZI ZURE PROPOSAMENA!



2020/03/16

HAU BAI ISTORIO BITXIA!


HEMEN INAXIO. 

INAXIOK ISTORIO BAT ASMATU BEHAR DU. DENOK DAKIGU EZ DELA LAN ERRAZA. HONA INAXIOREN BURUTAPENA!

IKUSI, ENTZUN ETA GOZATU.



ZERGATIK EZ DUZU ISTORIOTXO BAT IDAZTEN? GUSTORA IRAKURRIKO DUGU!

2020/03/15

LAINOA


Behin, zeru urdinean, beste hainbeste eta hainbeste bezala, laino bat sortu zen. Ez zen laino handia, ezta txikia ere. Ez zen oso biribila, luzanga, ezta okerra ere. Besterik gabe, laino bat zen.
Hasieran lasai utzi zuten arren, laster hasi zitzaizkion galdezka beste lainoak:
– Aizu! Eta zu zer zara?
– Begira begira! Elefante bat naiz! – Esan zuen alboko beste laino batek gure lainoari erantzuteko astirik ere eman gabe.
– Kafe kikara bat naiz ni! – Bota zuen beste batek.
– Ba ni bizikleta bat! – Hirugarren batek agudo.
Baina gure lainoak ez zuen erantzunik.
Sortu zen unetik bertatik saiatu zen forma ezberdinetara egokitzen. Baloi forma hartzen saiatu zen baina ez zen gustura sentitu. Arkatz baten itxura hartzea otu zitzaion gero baina ez zitzaion punta zorrotz hura ateratzen. Hirugarren saiakeran, lore forma hartu nahi izan zuenean aldiz, ezin izan zuen erabaki zer loreren itxura hartuko zuen, hainbeste mota ezberdin daude…
– Baina aizu! Zer zara zu?
– Ni kantinplora bat naiz!
– Ni aldiz aterki bat!
– Nik betaurreko batzuen forma hartu dut!
Baina gure lainoak ez zuen ezer izatea lortzen.
Ahalegin guztiak egin zituen lainoak. Biribilxeago, zuzenago, okerrago… Koloreekin ere frogatu zuen ez pentsa! Egunsenti batean gorriz jantzi zen eta neguko ekaitz baten ondoren berdez ere bai ia, baina ez zen haietako batean ere gustura sentitzen.
– Zer zara zu?
Sardexka baten forma hartzen ahalegindu zen, itsasontzi batena, hegazkin batena… Harri baten forma hartzen saiatuta ere ez zuen ba lortzen.
Azkenenan lainoak amore eman zuen urmael baten gainean. Ez zen gai, ezer izatera heltzeko, eta beste lainoek ez zioten galdetzeari uzten.
– Zergatik zaude hain muturtuta? Galdetu zion urmaelean saltoka zebilen igel batek lainoari.
– Triste nago, ez dudalako zer izan asmatzen – bota zion lainoak – ez dakit zer naizen!
– Ha zer txorakeria! – Bota zion igelak ia barreka. – Ireki begiak eta begiratu hona!
Urmaeleko ur gardenetan bere isla ikusi zuen lainoak.
– Zu laino bat zara!

                                                                                             www.irribarrez.info- tik jasotako ipuina

2020/03/06

MARTXOAREN 8A


IGANDEAN EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA DA.


BERDINTASUNAREN ALDE EGITEN DUGU GUK ERE!



ALDAKETA  ESKUETAN DAGO !