Ikastetxean lantzen dugun irakur-idazketa prozesua eta beste zenbait lan eta berri interesgarri ezagutarazteko tresna.
Blog que aglutina diversas noticias y aspectos relacionados con la lectoescritura y demás aprendizajes, tal y como los trabajamos en nuestro centro.

2020/03/23

LIUR AZERIA

Gaua zen. Ilargi zuriak eta borobilak bazter guztiak argitzen zituen. Baita Marixaren baserria ere. 
Paisaia ederra ikusten zen handik: zuhaitz zahar bat, baserriaren azpi aldeko larrea, larre ondoko basoa, eta, urrutira, mendi lerro dotorea.
Gaua zen eta gau horretan baserriko animaliak lo zeuden:
Behiak, ukuiluan, elkarren ondoan;ardiak, hausnarrean, bertan goxo; oiloak, kotan, oilategiko makiletan igota; zaldiak, lau hanketan zutik, baso inguruan; txerriak, lasto gainean etzanda, bero-bero; eta Marixa… Marixa bere ohean, zurrungaka!
Baina animalia bat adi-adi zegoen baserriaren azpi aldeko larre ondoko basoan, begiak zabal-zabalik, kliska bat bera ere egin gabe: Liur azeria.      
Liurrek ondo ezagutzen zituen Marixaren oilo ederrak, orduak ematen baitzituen haiei begira. Eta gau hartan basotik ateratzea erabaki zuen. Zeharkatu zuen larrea, begiratu zion baserri ondoko kupelaren gainean zegoen oiloari, luzatu zituen hatzaparrak eta ZASSSTTT!! harrapatu zuen. Heldu zion ondo-ondo oiloari, itzuli zen basora ziztu bizian, eta bere azeri zuloan  ezkutatu zen.
Hurrengo goizean, gosaldu ostean, baserriko lanak egin zituen Marixak, egunero bezala: zaldiei belarra eman, ardiak larrera atera, behiak jetzi, txerrien korta txukundu, baratza jorratu…
Baina oiloei artoa ematera joan zenean, lurrean lau luma aurkitu zituen.
- Hara! Oilo lumak! Ea denak dauden… bat, bi, hiru, lau… lau… lau Ai ene!
- Oilo bat desagertu da!  Ez, ez! Desagertu ez! Lapurtu egin didate!
Joan zen lastategira, hartu zuen lasto fardel bat, eta baserri ingurura ekarri zuen.Gero beste fardel bat ekarri zuen, eta gero beste bat, baserri guztia inguratu zuen arte.
- Azeri madarikatu hori ez da berriro hona sartuko! Ez horixe!
Baina Liur oso azeri trebea zen, eta gaua iritsi zenean, berriz ere atera zen basotik, zeharkatu zuen baserri azpiko larrea, gainditu zuen  lasto hesia salto batez eta... bi oilo aurkitu zituen elkarren ondoan lo. Luzatu zituen hatzaparrak eta… ZASSSTTT!!, hartu bi oiloak, itzuli basora eta bere gordelekuan sartu zituen.
Hurrengo goizean, esnatu zenean, beste lanak egin aurretik, oiloak ikustera joan zen Marixa. Oilategira sartu eta lumadunak zenbatzen hasi zen: Bat, bi... bi? Baina, baina, zer da hau! Bi besterik ez!
Haserre bizian, egurtegira joan eta egurrezko hesi bat egiten hasi zen. Moztu zituen enborrak, ZIRRI ZARRA, ZIRRI ZARRA! Zorroztu  zien punta, eta lurrean sartzen  aritu zen DANBA-DANBA, baserri guztia inguratu zuen arte.
- Azeri madarikatu horrek ez du berriro lortuko! Zer uste du horrek! Je, je!!
Hurrengo goizean, eguzkia atera zenean, salto batez ohetik altxa eta oiloak ikustera joan zen berehala Marixa. Atea zabaldu   eta…
- Ea ba!... Hemen dago bat. Bigarrena… eta bigarrena? Beste oilo bat eraman dit azeri madarikatu horrek! Hara! Harrapatzen badut, txiki txiki egingo dut!
Hesia ondo aztertu eta Liurrek egindako zuloa ikusi zuen Marixak. Orduan, berriro ekin zion lanari; inguruan aurkitu zituen harririk handienak hartu eta sendo-sendo jarri zuen hesia. Gero, zulo txikiak buztinez estali zituen.
Gaua iritsi zenean, atera zen azeria berriro ere basotik eta, larrea zeharkatu ondoren, hesi inguruan zelatan jarri zen, kuxkuxeatzen.
Liur, azeri azkarra eta trebea izateaz gain, nahiko burugogorra ere bazen, eta gau osoa eman zuen baserri inguruan bueltaka, baina behin eta berriz saiatuta ere, ez zuen aurkitu oilategian sartzeko zirrikiturik, eta bosgarren oiloa eraman gabe itzuli behar izan zuen bere gordelekura.
Hurrengo goizean, oilategira joan zenean eta bere oiloa hantxe lasai lasai aztarrika ikusi zuenean, sekulako poza hartu zuen Marixak:
- Lortu dut! Lortu dut! Azeri gaizto horrek ez du lortu sartzerik!
Baina oilategitik atera zenean zer edo zer arraroa nabaritu zuen Marixak:
- Ai, hau da hau! Hesi sendoa bai, hor dago!  Azeri gaizto hori ez da berriro sartu, baina non dago orain nire paisaia ederra? Non etxe aurreko zuhaitz zaharra? Non dago baserri azpiko larrea? Non daude basoa eta mendi lerroak? Ai, hau pena! Neuk egindako hesi  sendoa besterik ez dut ikusten!
Marixa Liurrekin oso-oso haserre zegoen, baina aldi berean oso triste inguruko larreak, basoak, zuhaitzak eta  mendilerroak ezin ikusita.
- Horrela ez dago jarraitzerik! Badakit zer egin! Liurrekin hitz egin behar dut!
Hesia zeharkatu eta, aztarnei jarraituz, Liurren gordelekuraino iritsi zen.
- Atera zaitez zulo zikin horretatik!
Liur beldurtuta atera zen gordelekutik.
- Zer demontre zabiltza nire oiloak jaten? Zuk ez daukazu lotsarik, ezta!
- Baina, baina... nik zure oiloak jan? Nik ez ditut oiloak jaten. Nik zure oiloak asko maite ditut. Baina  hemen bakar-bakarrik nago, eta zuek, baserrian, lagun asko zarete, eta...
- Nola? Zer diozu? Lagunak nahi dituzula, hori besterik ez? Jolasteko lagunak?
Une horretan, Liurren azeri zulotik lau oiloak atera ziren poz-pozik. Marixak, oiloak sano zeudela ikusita, azeriari begiratu eta esan zion:
- Horrela bada, etor zaitez gurekin baserrira!
Hurbildu zen Marixa azeriarengana eta lau kolpetxo eman zizkion buruan, maitekiro.Eta denak abiatu ziren baserrira elkarrekin, alai eta kontentu: Liur, Marixa eta lau oiloak. Harrez geroztik, azeri azkar, trebe eta burugogorra egunero hurbiltzen da Marixaren baserrira, gainerako animaliekin jolastera.
Marixak hesia bota egin zuen, eta, egurra eta lastoa larre erdian pilatuta, meta handi bat egin zuen. Uda iritsi zenean, izugarrizko sua piztu eta animalia guztiak han inguruan ibili ziren korrika eta saltoka.
 Eta hala bazan, ez bazan
sar dadila kalabazan
eta atera dadila
Marixaren baratzan!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina