Ikastetxean lantzen dugun irakur-idazketa prozesua eta beste zenbait lan eta berri interesgarri ezagutarazteko tresna.
Blog que aglutina diversas noticias y aspectos relacionados con la lectoescritura y demás aprendizajes, tal y como los trabajamos en nuestro centro.

2020/03/24

IRAULTZA AMETSETAN


Eguna hogeita lau ordutan banatu zenean, eta ordua 60 minututan, eta minutua 60 segundotan, segundo hauetako bakoitzak izugarrizko inportantzia hartu zuen pertsonentzat. Gehiegizko garrantzia. Segundo bakoitza zehatz bete beharra zegoen, dena zegoen zuhur antolatuta, den-dena erlojuaren orratzen menpe.
Erotu egin ziren orduan gizakiak eta alde guztietara korrika joaten hasi ziren. Denbora aurreztu beharra zegoen. Ezin zuten segundo bakarra ere alperrik galdu. Haurrak autoan eramaten zituzten gurasoek eskolara, bazkaltzeko tarteak 23 minutu eta 17 segundoko iraupena zuen postrerako arroz-esnea bazeukaten, etxera korrika itzuliz gero Mitxelena kaletik 3 minutu eta 9 segundo aurrezten zituzten eta gero korrika egiten zuten kirola egitearren ere, korrika, 30 minutu eta 12 ehunekotan zehar, ezta segundo bat gehiago ere.
Sistema haren eragina Mallabiena auzoko Ametsen Fabrikara ere iritsi zen. Nagusiek bezeroen eskaerari erantzun behar zioten eta topera jarri zituzten makinak! Langileak errelebotara aritu ziren lanean ordu luzez, atsedenik hartu gabe, eta hainbeste findu zuten beren produktua ezen segundo bakoitzeko ehunka amets sartzea lortu baitzuten.
Ziztu bizian zihoan dena, geroz eta azkarrago. Bazkaltzeko nahikoa ziren 16 minutu eskas eta arroz esnerik ez hartu, Mitxelena kaletik baino azkarrago zen Ukerdi kalean metroa hartuta eta korrika 29 minutu eta 54 segundo. Eta gero lo, eta lotan, ehunka, milaka amets. Denak ziztuan, denak arrapaladan, denak bata bestearen atzetik amilduta.
Eta orduan gertatu zen. Orduan altxa zen iraultza. Itziar Larrañagak, Ametsen Fabrikako bigarren korridoreko, zazpigarren  makinako operariak, bere makina trabatu zuen! 
–          Ez gara korrika biziko!!! – Eta kaosa, hondamena, dena gelditu zen bat-batean.
Ordutik, sarri gertatzen zaigu, ametsetan korrika egin nahi eta oinak lurrera iltzatuta bagenitu bezala sentitzea, bizi gaituen gehiegizko abiadura honen oroigarri.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina