Haran eta bailaretan herriak sortzen hasi aurretik, etxeetako teilatuak urak banatzen hasi baino lehenago, txorien kantuak euskarazko lehenengo hitzekin nahastu baino lehen, munduaren patua irauliko zuen gertaera historiko bat jazo zen.
Badakizue orduan irribarrerik ere ez zela egiten? Garai hartako bizidun guztiak muturtuta bezala aritzen ziren batera eta bestera. Sugandilak, basakatuak, hontzak zein apoak denak muturtuta. Izokinak, ur-satorrak, tximeletak edo eskorpioiak denak serio-serio.
Munduak itxura goibela zuen beraz. Mundu guztia petralduta eta elkarri mokoka, soka hark ez zuen etenik: hartza, olagarroa, muxarra eta arranoa goibel, azkonarra, ezkailua, erlea edo arrabioa betozkoa jarrita eta zer esango dizuet ba, halako egoeran, zeruaren urdina ere ez zen hain-hain urdina!
Egun batean, han zehar zebilen otsokume bat bere taldetik aldendu zen. Harri bat ikusi zuen zelai baten erdian eta abiada hartuta eup! Gainetik egin zuen salto! Berriz probatu zuen gero. Hurrena abiadarik hartu gabe. Gero harri gainetik lurrera eta lurretik gainera.
Izerditan blai zela lagun bat batu zitzaion:
– Zertan ari zara?
– Saiatuko nirekin batera ea harriaren gainetik txiribuelta egin dezakegun?
– Ados! Nondik egin behar da salto?
– Hemendik! Atzeko hankak elkartuta eta aurrekoak hemen!
Eta salto egin, txiribuelta eman eta lurrera erortzearekin batera irribarre bat, sortu berri zuten lehenengo jolas horren ondorio!
Irribarrea jolasari eskutik helduta mundu osora zabaldu zen ziztuan. Zeruak ere, kolore urdinagoa hartu zuen, eta bai ados jolasak kozkorreko batzuk ere ekarri zituen, baina ez dago golpeetan muxu bat ematea bezalakorik berriz txiribueltaka hasteko indarrak berreskuratzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina