Ikastetxean lantzen dugun irakur-idazketa prozesua eta beste zenbait lan eta berri interesgarri ezagutarazteko tresna.
Blog que aglutina diversas noticias y aspectos relacionados con la lectoescritura y demás aprendizajes, tal y como los trabajamos en nuestro centro.

2020/01/21

EUSKAL MITOLOGIA: LAMIA

LAMIAREN ADINA


Mendialde horretan artzain gazte bat bere ardiekin zebilen. Holako batez, harpe baten ondora hurbildu zen, eta hortxe ikusi zuen neska polit bat, lamia bat, bere ile luzeak urrezko orraze batekin orraztatzen. Neska polit honen ondora hurbildu eta hizketan hasI zen gure mutil gaztea, eta laster esan zion berarekin ezkontzeko gogoa zuela. 
-Bai, ni ados naiz, baina, lehenik, zenbat urte ditudan aurkitu behar duzu, mutil.
Eta mutilak ez zuen asmatu. Baina herrian ezagutzen zuen holako atso bat, azti bat erdi-sorgina. Haren ikustera jautsi zen, eta kontatu zion guztia. Emakumeak erran zion: 
- Egon zaitez lasai, egon zaitez trankil, nik jakingo dut adina, jakingo dut nik. 
Eta atsoa mendialdera igo zen. Koba ondora heltzean, emakumeak bizkarra eman zion zuloari, bueltatu zen, gonak altxa zituen, hankak zabaldu, eta bere gorputza osoki makurtu. Hortxe, bere burua belaunen artean zuela, ah! begira itxura, begira itxura hori, eta horrelako "EUP" bat bota zuen, lamiak entzun zuena. Poliki-poliki hurbildu zen atari ondora eta ikusi zuen piztia hori, eta gora-gora esan: 
- Ah! Badu ehun eta bost urte hemen nagoela eta ez dut behin ere holakorik ikusi.
Eta, galderak bere buruan, poliki-poliki bueltatu zen lamia koba barrura. Orain atso zaharrak badaki. Altxatu da, gonak behera bota eta lasterka herrira jautsi, artzain gazteari dena kontatzera. 
- Zure lagunak ehun eta bost urte dauzka. 
- Ehun eta bost urte, ehun eta bost urte... 
Hori gogoan, mutil gaztea mendiko bidean ikusi da. Hara heltzean, koba ondoan dago lamia. 
-Ehun eta bost urte dituzu. 
- Bai, hori egia da, eta, hitz eman bezala, zurekin ezkonduko naiz. Ou! mutilaren poza, honen kontenta.
- Baina badakizu, ezkontzen zarelarik ama abisatu behar duzula. 
Orduan bere amaren ikustera jautsi zen, eta guztia kontatu zion. 
-Seme, neskari oinak ikusi dizkiozu? 
- Oinak? 
- Bai, zoaz íkustera. Gero aipatuko dugu ezkontza edo.

Gure artzain gaztea mendira igo zen. Koba ondora heltzean, ikusi zuen lamia, polita, gorputz ederra, hankak. Eta oinak? Oinak palmatuak, ahate baten oinak irudi. Orduan gure artzainak holako oihu garrasi luze bat bota zuen. Herrira jautsi zen, bere etxean logelan sartu, gaixorik. Eta zenbait egunen buruan hil egin zen artzain gaztea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina