Ikastetxean lantzen dugun irakur-idazketa prozesua eta beste zenbait lan eta berri interesgarri ezagutarazteko tresna.
Blog que aglutina diversas noticias y aspectos relacionados con la lectoescritura y demás aprendizajes, tal y como los trabajamos en nuestro centro.

2020/01/29

EUSKAL MITOLOGIA: TARTALO

TARTALOREN KONDAIRA


Gure arbasoengandik ahoz aho iritsi zaigun aintzineko kondairaren arabera, Tartaloak erraldoi arraza bat izan ziren. Kopetean begi bakarra zuten eta giza haragia zen haien elikagai nagusia.

Jatorriz Europa erdialdekoak ziren, baina dirudienez leku ezberdinetara sakabanatu ziren. Haietako ale batzuk ibiliz ibili, mendiz mendi, bailaraz bailara, Euskal Herrira iritsi ziren. Ez dakigu noiz gertatu zen hori edo zenbat urtez iraun zuten gure artean. Dakigun bakarra zera da, Euskal Herriko azkeneko bi Tartaloak (aita semeak) Zegamako mendian bizi zirela "Tartaletxea" izeneko kobazuloan.



TARTALO ETA PATXI ARTZAINA


2020/01/21

EUSKAL MITOLOGIA: LAMIA

LAMIAREN ADINA


Mendialde horretan artzain gazte bat bere ardiekin zebilen. Holako batez, harpe baten ondora hurbildu zen, eta hortxe ikusi zuen neska polit bat, lamia bat, bere ile luzeak urrezko orraze batekin orraztatzen. Neska polit honen ondora hurbildu eta hizketan hasI zen gure mutil gaztea, eta laster esan zion berarekin ezkontzeko gogoa zuela. 
-Bai, ni ados naiz, baina, lehenik, zenbat urte ditudan aurkitu behar duzu, mutil.
Eta mutilak ez zuen asmatu. Baina herrian ezagutzen zuen holako atso bat, azti bat erdi-sorgina. Haren ikustera jautsi zen, eta kontatu zion guztia. Emakumeak erran zion: 
- Egon zaitez lasai, egon zaitez trankil, nik jakingo dut adina, jakingo dut nik. 
Eta atsoa mendialdera igo zen. Koba ondora heltzean, emakumeak bizkarra eman zion zuloari, bueltatu zen, gonak altxa zituen, hankak zabaldu, eta bere gorputza osoki makurtu. Hortxe, bere burua belaunen artean zuela, ah! begira itxura, begira itxura hori, eta horrelako "EUP" bat bota zuen, lamiak entzun zuena. Poliki-poliki hurbildu zen atari ondora eta ikusi zuen piztia hori, eta gora-gora esan: 
- Ah! Badu ehun eta bost urte hemen nagoela eta ez dut behin ere holakorik ikusi.
Eta, galderak bere buruan, poliki-poliki bueltatu zen lamia koba barrura. Orain atso zaharrak badaki. Altxatu da, gonak behera bota eta lasterka herrira jautsi, artzain gazteari dena kontatzera. 
- Zure lagunak ehun eta bost urte dauzka. 
- Ehun eta bost urte, ehun eta bost urte... 
Hori gogoan, mutil gaztea mendiko bidean ikusi da. Hara heltzean, koba ondoan dago lamia. 
-Ehun eta bost urte dituzu. 
- Bai, hori egia da, eta, hitz eman bezala, zurekin ezkonduko naiz. Ou! mutilaren poza, honen kontenta.
- Baina badakizu, ezkontzen zarelarik ama abisatu behar duzula. 
Orduan bere amaren ikustera jautsi zen, eta guztia kontatu zion. 
-Seme, neskari oinak ikusi dizkiozu? 
- Oinak? 
- Bai, zoaz íkustera. Gero aipatuko dugu ezkontza edo.

Gure artzain gaztea mendira igo zen. Koba ondora heltzean, ikusi zuen lamia, polita, gorputz ederra, hankak. Eta oinak? Oinak palmatuak, ahate baten oinak irudi. Orduan gure artzainak holako oihu garrasi luze bat bota zuen. Herrira jautsi zen, bere etxean logelan sartu, gaixorik. Eta zenbait egunen buruan hil egin zen artzain gaztea.

2020/01/16

ZIENTZI ASTEA

Zientzia astearen erdia igaro dugu dagoeneko!
 Aste honetan, denboran atzera joaten hasi eta miloika urte atzera egin dugu. Dinosauroen garaian murgilduta gabiltza. Hori dela eta,  hemen "DINOSAUROEI BURUZKO EGIA" liburu ederra.


2020/01/13

EUSKAL MITOLOGIA : MARI

TXINDOKIKO MARI


Amezketan kontatzen zutenez, ba omen ziren zazpi urte Mari Txindokiko bere haitzulotik desagertu zela. Baina zaldi bat zeruan hegan ikusi zutenean eta izugarrizko euri jasa hasi zuenean, herritarrak berehala konturatu ziren Mari bueltatu zela. Marizulo kobazuloa zuen bizileku, eta urrez estalia zuen. Dena urrezkoa omen zen barruan, altzariak ere bai. Behin batean, asteak euritan egon ondoren, atertu eta lainoak urruntzen ari zirenean, Txindokiri laino-txapela gelditu zitzaion tontorrean. Orduan ohartu ziren Marik labea piztu zuela.

Goiz batean, Kattalin izeneko neska gazte amezketar bat joan zen mendira artaldearekin, eta, egun guztian ardiak larrean eduki ondoren, artaldea biltzen hasi zen. Kontatu zituenean, bat falta zitzaiola konturatu zen. Artaldearen jabeak egingo zionaren beldur, mendian gora abiatu zen falta zitzaion ardiaren bila. Batek baino gehiagok esana zion Mari Txindokin zenean ez gerturatzeko inguru haietara, baina ardi galdua topatu beharra zeukan. Aurrerago joan zenean, hara non, ardia haitzulo baten sarreran aurkitu zuen, eta bere ondoan andre eder eta galai bat ikusi zuen, sekula ikusi ez zuen bezalako dama. Mari zen. Marik nor zen eta zein familiatakoa zen galdetu zion neskatxari. Honek, Kattalin zela bere izena esan zion, eta ez zuela familiarik, ardi haiek herriko jaun batenak zirela. Orduan, Marik berarekin bizitzen gelditzeko proposamena egin zion, eta zazpi urte berari laguntzen egoten bazen aberatsa egingo zuela agindu zion.

Horrela, bada, Kattalin Marizuloko damari laguntzen gelditu zen, eta zazpi urte haietan asko ikasi zuen neskatxak: haria egiten, ogia egiten, landareen ezaugarri magikoak ezagutzen, abereen hizkera ulertzen, eta beste hainbat zereginetan. Baina, di-da batean pasa ziren urteak, eta, garaia iritsi zenean, honela esan zion Marik:

—Kattalin, ondo bete duzu zure hitza, zintzo lagundu didazu, eta esanekoa izan zara. Nik joan egin behar dut, eta aberatsa egingo zintudala agindu nizunez, tori!

Marik ikatz puska handi bat eman zion. Harrituta gelditu zen neska gaztea, baina ez zen ausartu ezer esaten. Haitzulotik atera zenean, urre distiratsu bihurtu zen ikatza. Neska pozaren pozez jaitsi zen herrira; etxea eta artaldea erosi zituen, eta inoren aginduetara egon beharrik gabe bizi izan zen zoriontsu gure Kattalin.