Interesgarria iruditu zaigu "Noticias de Gipuzkoa" egunkarian Euzkitzek idatzitakoa.
Ez dago seme-alaben ispiluan begiratzea bezalakorik
norberaren bilakaeraz ohartzeko. Haiek ere aitzinera, urratsez urrats.
Txikienak orain amaituko du LH, lehen hezkuntza. Beraz, seme nagusia zein
eskola-eredutan matrikulatu erabakitzera behartu gintuen hausnarketaren
ondorioen balorazioa egiteko moduan gara.
Gauza praktikoak erabakigarriak izaten dira batzuetan.
Hurbiltasuna, esate baterako. Gure kasuan auzi ideologikoak eragin zuen gogoeta
nagusia: publiko ala pribatu. Bagenekien publikoaren aldeko hautuak zer nolako
ondorioak zekartzan ikaskideen soziologiari dagokionez. Zarautzen ere etorkinen
seme-alabak eskola publikoan matrikulatzen dituzte nagusiki, beste eskoletan ez
bezalako arraza, jatorri eta hizkuntza nahasketa dago, baita klase sozialena
ere. Horren aldeko hautua egin genuen. Eta asmatu. Dena izan da aberasgarri.
Seme nagusia unibertsitaterako ikasturte bakarraren faltan
da. Harena da gogoeta hau, bere baitatik irtena: “Haurtzaindegia, Orokieta
zaharra, berria, berriz zaharra, Lizardi Gurmendi, Lizardi Araba. Horixe da
orain arteko nire ibilbide publikoa. Eta orain, nerabea besterik izan ez arren
ikuspegi zabal samarra dudalarik, are handiagoa da bide horren aldeko hautua
egin zutenekiko esker ona.” Hunkitu egin ninduen, eta biziki poztu. Era berean,
asko harritu ninduten hura argitaratu ondoren iritsi zitzaizkidan mezuek. Guk
baino urtebete lehenago hautu bera egin zuen familia bateko amak idatzi zidan
hau: “Hemen nago malkoak lehortu ezinda. Ze oroitzapen erabakia hartu beharreko
hartaz! Baina poz itzelak eman dizkit eta harro sentitzen naiz egindakoaz”.
Bereziki eskertzekoa izan da Atoumane eta Pape, denboraldi
baterako etorriak ziren senegaldarrak, hain gozo eta zabal hartu izana.
Oinarria jarrita dago. Eskerrik asko, Orokieta!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina