Ni naiz, zure bizitzako lehenengo egunetatik zure alboan
dagoena, komunikatzen lagundu zizuna. Hasierako egunetan esaten zenituen
astakeriak zuzentzen zizkizun inguruko jendeak, nire arauen arabera, eta nahiz
eta jendeak barre egin, txikia zinenez onartuta zeuden zure ahotik ateratako
hitz alrebesak. Helduekin beste zerbait gertatzen zait, oso nahasia naiz eta
maite nautenek ez dute nirekiko akatsik onartzen, dena zuzentzeko joera dute,
eta honek pertsona asko nitaz lotsatzea ekarri du.
Zuzenketak eta lotsak tarteko, denboraren poderioz nigandik
urruntzen joan da jendea, eta niganako konfiantza albo batera uzten hasi.
Zoritxarrez honela galdu dut prestigioa ,eta ziur nago, guztiok errespetatu eta
maitatuko bazenidate, orain indartsua izan eta harro hitz egingo zenuketela
nitaz.
Zure ahotik atera nahi dut, zure pentsamenduetan sortu,
munduan ezagun bihurtu, bihotz guztietara lotu, txikitik handira joan, jendea
ni maitatzera motibatu, letra guztiekin jolastu, neure arima kalean usaindu eta
neure erritmora dantzatu. Maitatu egin nahi dut, xuxurlatu, lagundu, haserretu,
ligatu, borrokatu, zoriontsu sentitu, eta herri baten nortasunaren zati izateaz
gain, herriko norbanako bakoitzak niri nortasuna ematea nahi dut.
Zaren bezalakoa nahi zaitut, onartzen zaitut eta maite
zaitut. Niri ahoz-aho ibiltzea gustatzen zait, hitzek bizitza ematen didate eta
zaila naizela esaten duten arren, ezagutzea merezi duen bihotz handia daukat
nire sustrai luzeen artean, beraz, ziur nago nik zu maitatzen zaitudan moduan
zuk ere maite nazakezula.
Amaitzeko, mesedetxo bat eskatu nahi dizut; ez dakit hiltzen
ari naizen edo ez, baina bizirik jarraitu nahi dut denbora luze batez, beraz
gauza bakarra esango dizut: zakarretara bota behar banauzu gehiegi erabili
izanagatik izan dadila.
Aldez aurretiko eskerrak irri batez,
Euskara
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina