Beheko irudian klikatuz, azpian transkribatuta duzuen pasadizoa entzun dezakezue. Ea gustatzen zaizuen.
BUROKRAZIA
Sixto Martinezek Sevillako koartel batean bete zuen soldadutza. Koarteleko patioaren erdian eserleku bat zegoen. Eserlekuaren ondoan soldadu bat izan ohi zen beti goardia egiten. Inortxok ere ez zekien zergatik egiten zen eserlekuaren ondoko goardia. Egin egin behar zelako egiten zen, gau eta egun, gauero, egunero, eta belaunaldiz belaunaldi ofizialek agindua eman eta soldaduek bete egiten zuten. Inork ez zuen dudarik egin, ezta galdetu ere. Horrela egiten bazen —eta betidanik egiten zen horrela—, zer edo zergatik izango zen.
Eta horrela jarraitu zuen harik eta norbaitek, ez dakit zein jeneral edo koronelek, jatorrizko aginduaren berri jakin nahi izan zuen arte. Gogotik miatu behar izan zituen artxiboak. Eta luze arakatu eta gero, argitu egin zen kontua azkenean. Hogeita hamaika urte, bi hilabete eta lau egun lehenago, ofizial batek eserlekuaren ondoan goardia egiteko agindua eman zuen, pintatu berria zegoenez ez zedila inor pintura freskoaren gainean eseri.
Eduardo Galeano
Gerardo Markuletak itzulia